XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UNTZILLATX (941 m)/ Denbora gutxi gorab. 1 or 10`.

Ormek, ubideek eta harritzek definitzen dute mendi honen nortasuna, magikotasuna harrobiek ilun dezaketen arren.

Durango eta Urkiolako Mendatearen artean Mañaria herria aurkitzen dugu, Mugarra, Arrietabaso eta Untzillatx mendiek babestuta.

Harrobien eta herriko sarreraren artean daude kokaturik, lautada txiki batetan errepideko ezkerraldean eta herriko sarreran eta baseliza baten aurrean, berton hasten den gurdibidea hartuko dugularik (0 or).

Ibilbide hau gune honetatik aurrera pintura gorri eta zuriaz dago markaturik.

Aldai honek Kanpaineta (7`) auzategira garamatza.

Hemen ezkerreko aldaia hartuko dugu aldapa gutxitzen hasten deneino.

Gune honetan, eskuinetik igoten den bidetik joko dugu.

Bide honek pinadi baten ondoko borda batetara eramango gaitu (12`).

Aldapa bizian gaindi pinadia zeharkatzen duen aldaitik jarraituko dugu.

Pinaditik irtendakoan, soilgune batetatik igaroko gara eta beronen mugan, bihurgune guztiz itxi baten ondoan, bide zidor bat hasten da ezkerretik (27`).

Bide zidor aldapatsuan gaindi igongo gara pago eta haritzez osaturiko basoxka bat zeharkatuz, harkaitzetara heltzerakoan arteak agertuko direlarik.

Aurreragoxe Oraieta igarobidera iritsiko gara (37`).

Merezi du bertan alditxo batez gelditzea, Arrietabasotik Abadinoraino zabaltzen den panoramikaz gozatzeko.

Bikaina bada ere, ikuspegia Mugarra irensten duen harrobi mehatxagarriak iluntzen du.

Leku honetan bertan mendiko iparrekialdeko isurialdera igaroko gara, bide zidor beretik jarraituz (HE).

Apur bat aurrerago pinturaren markak banatu egiten dira bapatean.

Gorriek iraun egiten dute tartetxo batez desagertu aurretik.

Zuriek gailurreriatik eramango gaituzte gailurreraino ordu erdian.

Beste aukera bat marka zuriak hartu eta, gailurreriara iritsi gabe, ezkerretik (HE) irteten den bide zidor nahiko belartsu batetik jotzea da.

Honelatan Labaroko Ateko Lepora iristen gara (1 or 7`).

Bertotik Atxarteren ikuspegi ederra edukiko dugu.

Hemendik gailurrera lepoan (M) zehar bakarrik bost minutu gelditzen zaizkigu (1 or 12`).

Ikuspegiak.

IMan: Mañaria herrirantz begiratuz, Mugarraren ikuspegi txundigarria izango dugu.

Ezkerraldean (M), Arrietabaso.

Ian: Durango udalerria eta beronen gainean Oizen bizkarra.

HEan: Gure bizkarraldean, Axtxiki, Alluitz eta Udalatx (bazterrean).

Bestelako irispideak: Atxartetik, Diagonal Handian nahiz Urreisteiko Kanalean barna.

Bi ibilbide hauek nahiko zailak dira, ziurtasunez eta konfidantzaz igoten jakin beharra dago eta.

Elosu baserritik, Urkiolako Mendateko errepidean.